miércoles, 10 de noviembre de 2010

NOR ETA.....AINHOA CABALLERO, ITZULTZAILE PROFESIONALA

Irakastea ikasi nahi ez duenari lan nekosoa da oso; eta ikasteko gura duenari, aldiz, zoragarria, zinez. Derrigorrezko irakaskuntzan, bereziki 12-16 urteetan, gutxi dira berariaz ikasi nahi duten ikasleak eta anitz, ia guztiak, interes tipia erakusten dutenak. Horrexegatik ez dira asko DBHko irakasleok izaten ditugun alegrantziak. Izaten ahal dugun handienetakoa da ikustea, urteak pasa ondoren, ikasleak irakaslea gainditu duela eta hori segituan antzematen da Ainhoarekin solas egiterakoan. Euskara bizia darabil, aberatsa, joria, euskalki askoz hornitua, barren-barrenetik ateratzen zaiona; gainera biziki maite du, aise nabari den bezala. Ainhoa ere bizia da, langilea, hamaika saltsatan sartuta; panderoa jotzen du; txalapartarekin poliki moldatzen da; dantzak gustoko izanik, euskal dantzak ikasi eta gero, sabel dantza ikasten ari da; eta Baztanetik etorri berria da hilabete pasa ondoren Baztango mintzaira ederra ikasten.

28 urte ditu; Tafallan jaio eta bertan du habia. Ogibidez itzultzailea da eta honetaz bereziki berba egin dugu elkarrizketa honetan. Ikastolan hasi zuen OHO bukatu arte; ondoren REM delakoa eta Batxilergo ikasketak Tafallako institutuan egin zituen eta, azkenik, Gasteizera joan zen Ingeles Filologia ikastera. Bi urte karrera horretan aritu eta gero, ezarri berria zen Itzulpengintza eta Interpretetaritza karrerara aldatu zen.

"Institutoko lau urteetan euskara asko galdu nuen, baina gero Ingeles Filologian arlo batzuk euskaraz hartu nituen eta Itzulpengintza eta Interpretetariza karrera euskara hutsez egin nuen. Gogoratzen naiz karreran hasi nintzelarik, ez nekiela ezta "eskerrik asko" idazten. Baina euskara eta euskal kultura maite dut pila bat eta horrek deitzen nau. Hori horrela izanik, nahi gabe ikasten dituzu gauzak. Irakasleek asko lagundu ninduten baita Gasteizko pisukideek ere. Pentsa, bizkaieraz egiten dut haiei esker".

Karrera amaitu eta laster, lanean hasi zen Iruñeko itzulpen enpresa batean, batik bat, gaztelania-euskara/euskara-gaztelania itzulpenak egiten, beste hainbat hizkuntzatan ezagupenak baditu ere: ingelesa, italiera, frantsesa, japoniera eta gaelikoa. Nork esango luke duela berrogei bat urte tafallar bat profesional moduan arituko zela gaztelerazko testuak euskarara pasatzen. Ba, ez da bakarra, horretan ere Gorane Arana aritzen da eta beste batzuk ere karrera hori ikasten ari dira.

Enpresa horren bidez epaiketetan interpretazio lanak egiten ere hasi zen. "Interpretazioa egiteko egun batzuk lehenago joan behar izaten nuen dokumentatzeko, batez ere izen berezi, leku....eta horrelakoa gauzez jabetzeko; jakiteko nondik nora joango zen epaiketa. Epaiketa egunean saiatzen nintzen epaituarekin hitz egiten azentua pixka bat hartzeko. Adibidez, niri egokitu zitzaidan Aresoko nekazariei itzultzea eta ohitu behar zera pixka bat".

Jakina denez, Justizia mundua erdalduna da ia erabat. "Oroitzen naiz Kontseiluko batek zuzenean egin nahi zuela euskaraz epailearekin; baina gaur egun hori ezinezkoa da, nahitaez interpretaria behar da. Batzuek interpretazioa behar dute derrigorrez, izan ere, erdaraz ongi moldatzen ez baitira. Egon badira eta asko. Adibidez, Goizuetako gazte batzuekin gertatu zitzaidan. Epaileek hori ez dute ulertzen eta ez dute ikusten. Beste batzuek erabiltzen dute interpretazioa denbora irabazteko: gaztelania ere ulertzen dutenez, denbora gehiago dute erantzuna pentsatzeko interpretazioa egiten den bitartean".

Ainhoari ez zaio zaila egiten euskaldun zaharrak itzultzea, nonbait. Jendearekin harremanetan egonda ikasi ditu han-hemengo euskalkiak. Meritua. "Nik bederen ez daukat arazorik euskalkiak ulertzeko. Orain arte tokatu zaizkidan guztietan ongi moldatu naiz. Gertatu izan zait leku izenen bat haiek beste modu batez esatea, baina horretarako aldez aurretiko dokumentazioa zegoen".

Dena dela, itzulpena nahiago du interpretazioa baino. "Mila bider, etxean lasai-lasai, nire ordenagailuarekin....interpretazioa gogorra da". Gaur egun autonomoa da eta etxetik egiten du lan, batez ere, Zumaiako enpresa batentzat; baina beste batzuentzat ere bai. Administrazio lanak itzultzen ditu bereziki eta tarteka-marteka bestelakoak ere bai. "Batzuetan oso gauza bitxiak tokatu zaizkit eta, azkenian, bakizu gauza askori buruz".

Lanaren xehetasunak komentatzen dizkit: "Niri internetetik sorburu testua bidaltzen didate eta xede testuko karpeta batean sartzen dut. Testu hori hartu eta itzultzen dut. Hor badago memoria bat eta esaldiz esaldi itzulitakoa ordezkatzen dizu sorburu testuarengatik. Orrialde batekin, minimo, ordubete sartzen dut eta ondoren orrazte lana dator: zuzendu, aberastu....".

Jakina, gaztelania eta euskara arras desberdinak dira eta horrek buruhausteak sortzen ditu. "Batzuetan hartzen duzu esaldi bat eta.....berrehun hitz. Horiek hamar lerro dira punturik gabe eta hori era horretan euskaratzea ezinezkoa da. Orduan egituratu egin behar duzu; zatitu; ahal dela, barne lotura galdu gabe; eta euskara naturalean jarri. Gainera, euskera guria maite hau arautu gabe dago. Euskaltzaindiak ehun eta berrogeita hamasei arau atera arren, gauza asko arautu gabe dago oraindik".

Normalean bi mila eta bostehun hitz bidaltzen dizkiote eguneko, gutxi gorabehera zazpi-hamar orrialde; eta sei-zazpi ordu behar izaten ditu itzultzeko. Lana ez zaio inoiz falta izan eta, nahiz eta Zumaiako enpresa horretatik lan gehiena jaso (sinaturiko kontratuaren arabera hilean berrogei mila hitz itzuli behar ditu), autonomoa izanik, beste hainbat enpresatatik ere lanak iristen zaizkio. Beste hizkuntzak itzultzea apenas tokatu zaio. "Ni pozik nago. Nik euskera maite det, gustukoa det euskeran aritzea eta egunero ikasten duzu zerbait".

Etorkizuna dela eta, gustatuko litzaioke udalen batean sartzea, lanpostu seguruagoa izateko eta soldata hobea (berak, gaur egun, ongi kobratzen du; haatik, oro har, gutxi pagatzen da itzulpenak egiteagatik). "Dena den, ez dakit hogeita hamar urtetan ikusten dudan nire burua itzultzaile. Lan honek burua asko nekatzen du. Nik joko nuke interpretaziora, baina bikoizketara. Pelikulak eta horrelakoak. Ibili izan nintzen eta polita bezain zaila iruditu zitzaidan. Donostian ikasketak egiten dira eta egun batean izena ematea ez dut baztertzen".

Erratzutik etorri berria da eta, nonbait, ez zaio asko kostatuko bueltatzea. "Maite det txoko hori...Oso, oso pozik egon naiz. Hilabete bat egon naiz hona etorri gabe, hango txoko-bazter zoragarriak ezagutzen....io! Oso, oso jende jatorra, sanoa, atsegina....Eta baztanera arras polita, pollite, beraiek dioten bezala".

Euskararen egoera dela eta, errealista eta, bidenabat, baikorra da. "Lantzetik gora euskerak bizia du, baina hortik behera igartzen da pilo bat euskera ez dagoela ez kalean ez etxeetan...baina nik uste dut gutxika-gutxika gauzak lortzen ari direla, adibidez, egun Tafallan euskara teknikaria dago. Ni euskaldun berria naiz, nire ama hizkuntza gaztelania da, baina nire seme-alaben ama hizkuntza euskera izango da. Lan egin behar dugu eta, nik uste, belaunaldietan aldaketa nabarmenak ikusiko ditugula".

Beste hamaika gairen gainean aritu gara, baina horien berri jakiteko berarekin buruz buru mintzatu beharko duzue; izan ere, papera amaitu baita. Aprobetxatu eta Ainhoarekin solastu, ez zarete damutuko.
La Voz de la Merindad

No hay comentarios: