miércoles, 13 de julio de 2011

KARLISTEN IHARDUERA GERRA OSTEAN

Martorell, Manuel (2010) Retorno a la lealtad: El desafío carlista al franquismo, Madrid:
Actas, 2010, 443 or.

Aipatuko dugun liburua ziur aski ez da izango hedapen handi-handia izango duen horietakoa, baina Euskal Herriko historiarekin interesatuta dagoen edonorentzat gutxienez ezagutu beharrekoa da eta, interes hori maila batetik gorakoa bada, irakurri beharrekoa dudarik gabe. Historiako liburua da berez, baina saiakera gisa idatzia edo, agian zehazkiago, kazetaritzazko kronika baten moldean, aipu bibliografikoak minimora ekarriz. Eta alde batetik arin batean irakurtzeko modukoa bada ere, beste alde batetik astuna suertatzen da, Historiako liburuek fama duten bezala. Ondoko lerroetan saiatuko gara argitzen bi ildo horien nondik-norakoak.

Aipatuko dugun liburua ziur aski ez da izango hedapen handi-handia izango duen horietakoa, baina Euskal Herriko historiarekin interesatuta dagoen edonorentzat gutxienez ezagutu beharrekoa da eta, interes hori maila batetik gorakoa bada, irakurri beharrekoa dudarik gabe. Historiako liburua da berez, baina saiakera gisa idatzia edo, agian zehazkiago, kazetaritzazko kronika baten moldean, aipu bibliografikoak minimora ekarriz. Eta alde batetik arin batean irakurtzeko modukoa bada ere, beste alde batetik astuna suertatzen da, Historiako liburuek fama duten bezala. Ondoko lerroetan saiatuko gara argitzen bi ildo horien nondik-norakoak. Karlismoa, dudarik gabe, anaia pobrea da XX. mendeko euskal historiografian. Mila eta bat lan egiten dira abertzaletasunari buruz, alderdi askotatik hartuta gainera; orobat, ikerketa ugari dago langile-mugimenduari eta haren garapen politiko eta sozialari buruz; gutxiago dira, baina gero eta ugariagoak, halaber, elite ekonomiko eta enpresarialei buruz dedikatzen zaizkien ikerketak. Beraz, gizartearen hiru esparru hauek ikerturik, hots, nazionalismoa, sozialismoa eta elite edukitsuen mundua (hirurak zentzu zabalenean hartuta), badirudi XX. mendeko euskal panorama politikoa aski ondo deskribatutzat jo beharko genukeela, baldin eta postulatuko bagenu karlismoa XIX. mendeko mugimendu bat izan zela eta XX. mendean ondar txiki bat baino ez zela gelditzen, garrantzia sozial eta politiko txikikoa. Errealitatea, ordea, oso bestelakoa da: karlismoa, ziur aski, Arabako eta Nafarroako indar sozial eta politiko nagusia izan da mendearen lehen bi herenetan, eta Bizkaia eta Gipuzkoan presentzia oso esanguratsua izan du epe berean. Gerra Zibilean jokatu zuen papera, bestalde, guztiz erabakigarria izan zen Euskal Herri osoan. Francoren heriotzaren ondoren haren bat-bateko desagertze orokorra, beraz, oso fenomeno engainagarria izan daiteke eta, ororen buru, azaldu beharrekoa. Izan ere, nola esplikatzen da Gerra Zibilean karlistek erakutsitako indar izugarri hura, mobilizazio ahalmen ikaragarri hura, berrogei urte garaileen artean pasatu ondoren batbatean desagertzea ia guztiz?

Liburu honek ez du fenomeno hori bere orokortasunean esplikatzeko asmorik, baina fokua karlisten gainean ipintzean mahai-gainera ekartzen du gure memoria kolektibotik ia-ia desagertuak ditugun mamuak: nortzuk izan ziren XX. mendeko karlistak? Zenbat izan ziren? Zer egin zuten gerran? Eta, bereziki, zer egin zuten gerra ostean?

Erantzunak, liburu honen kasuan, ez dute ikerketa historiko orekatu baten pretentsiorik hartzen baizik eta, lehenago esan dugun bezala, kronika baten forma. Baina ez da kronika inpresionista bat, datu argi eta zehatzetan oinarritutako diskurtso koherentea baizik. Pertsonak eta gertakariak, horiek dira liburuaren ardatza; nortzuk ziren karlistak eta zer egin zuten gerran eta gerra ostean. Zehaztapen garrantzitsu batekin: jasotzen duten gertakari guztiguztiak, salbuespenik gabe, aurrez azaldutako tesi bat sostengatzera datoz, frogak dira, egileak bere tesia aldezteko bildu dituen frogak.

Tesi hori hitz gutxitan laburbil daiteke: gerra abiatu bezain laster, eta bukatu ondoren bereziki, karlista gehienak traizionatuak sentitu ziren. Alegia, beraiek partidu politiko berezi bat ziren, beren programa politiko propioa zuena; Errepublikaren kontra bat egin zuten militar altxatuekin eta Espainiako hainbat indar eskuindarrekin (falangistak, monarkikoak, katolikoak...) baina beren helburu propioak zituzten, ororen buru bidezko erregea Madrileko tronuan ezartzea. Martorellen arabera batzuk hasiera-hasieratik, 1936ko uztailetik bertatik, ikusi zuten militar altxatuek helburu hori oztopatuko zutela; urrats bat gehiago emanez, karlista gehienek ez zuten bihotzez onartu Francoren Bateratze Dekretua (1937ko apirila), zeinaren bidez indar politiko guztiak partidu bakar batean biltzen ziren, buruzagi absolutu bakarra izango zuen partidua, hain zuzen ere Caudilloa bera. Hortik aurrera, eta beti Martorelli segituz, karlistek lehia gogor bat izan zuten falangisten kontra eta ahal izan zuten guztietan saiatu ziren beren erakunde politiko bereziari eusten, beren buruzagitza eta programa propioarekin. Jakina denez, alferrik, zeren Francoren buruzagitza pertsonala argi eta garbi nagusitu zen Errepublikaren kontra altxatuen koalizio eskuindarraren barruan eta haren heriotzeraino iraun zuen. Hortik karlista asko traizionatua sentitzea eta Franco bihotzbihotzez gorrotatzea.

Liburu hau, funtsean, lehia horren kronika zehatza da, traizionatuen ikuspuntutik kontatua. Hartara, xehetasun osoz jasotzen dira 1936-1945 bitartean hainbat buruzagi eta militante karlistek falangistekin (eta frankistekin oro har) izandako istiluak, borrokak eta, kasu batzuetan, kartzelaldiak. Datu ugari ematen da, beti arestian aipatu dugun ikuspuntutik hartuta. Batzuk zerikusia dute historia orokorrarekin, adibidez, karlisten erregegai Don Javierrek 1937ko maiatzean eta berriz ere azaro-abenduan Espainian zehar egindako bi bidaia politiko-propagandistikoak, Francok hura Frantziara ohiltzea dekretatu arte; beste batzuk Euskal Herria dute interes nagusi, adibidez, argazki batean Don Javier bera Gernikako arbolaren azpian ikustea, Foruei zin egiten; eta beste batzuk, aldiz, interes zuzena dute euskararen historiarekin interesatuentzat, adibidez, Antonio Arrue euskaltzain ospetsuaren ibilaldiei egiten zaizkion aipamenak. Horrela, uste dut gure artean ez dela oso ezaguna Arrue Granadako kartzelan sartu zutela 1937ko abenduan, hain juxtu ere Francok batera erabaki baitzuen Don Javier Frantziara ohiltzea eta Don Antonio kartzelan sartzea inkomunikaturik; anekdota bereziki bitxia da ikustea nola karlisten kapilauetakoa zen Garzon izeneko apaiz baten eskuhartze bereziari esker lortu zen atxilotzera zetorren Guardia Zibilaren presentzia saihestea, hark bermatu baitzuen Arrue bere borondatez aurkeztuko zitzaiela (61-62.or.).

Eta anekdotekin segituz, ez zaigu garbi esaten zenbat denbora egin zuen Arruek kartzelan; bai, ordea, Antonio Arrue dela Gernikako Arbolaren azpian arestian aipatu dugun Don Javierren zinari (1937ko maiatzak 19) agur militarrez erantzuten dion hiru lagunetako bat (ik. liburuaren azaleko argazkia eta 224-225 orrialdeen artean argazki bera, azalpen batez lagundua). Izan ere, euskaltzalearentzat interes berezia du 4. kapituluak (“Defensa del País Vasco y Cataluña”, 138-154); hor kontatzen zaigu, adibidez, nor izan zen Gernikaren bonbardaketaren ondoren (1937ko apirilak 26) Gernikako Arbola zaintzeko karlistek antolatu zuten zaintza bereziaren antolatzaile eta arduraduna: Jaime del Burgo Torres, nafarra baina une horretan Bizkaiko errekete bataloiaren kapitaina. Agian merezi du kontakizun osoaren zati hau hona ekartzea: “Igualmente es revelador el enfrentamiento que se produce entre Jaime del Burgo Torres con un mando del arma de Artillería cuando llegaron a Guernica, inmediatamente después de que la aviación alemana bombardeara la villa foral. Del Burgo pudo ver cómo algunos de sus requetés “lloraron de rabia e indignación por lo sucedido” y se quejaba de lo inútil del castigo aéreo cuando el militar le contestó, fuera de sí, que lo mismo había que hacer con toda Vizcaya y Cataluña. Del subido tono se pasó a los insultos, terminando Del Burgo por mentar a la madre de su superior en rango, mientras le agarraba de las solapas. No terminaron a tortas porque, en ese momento, intervino...” (141. or.). Martorellen kontakizunaren arabera, Del Burgo izan zen Arbolaren zaintza antolatu zuena, izan ere zurrumurrua zabaldu baitzen falangista talde bat zetorrela Iruñetik espresuki Arbola moztera. Ez dugu detaileekin segituko, baina bai uste dugu komenigarria dela argitzea Jaime del Burgo hori gaur egun ospetsuagoa den politikari eta historialari nafar baten aita dela: Jaime Ignacio del Burgo.

Azken argibide hori ematea ez da hutsala. Izan ere, gorago iradoki dugun lez, liburu honek tesi bat aldeztea helburutzat badu ere, bada sakoneko galdera bat historialari orok erantzun beharrekoa tesi horrekin ados izan ala ez: zer gertatzen da karlistekin gerra ostean? Nora joan dira? Zertan bilakatu dira? Ildo horretan komenigarria izan daiteke, beti bezala, sinplismoetatik eta azalpen linealegietatik ihes egitea; Martorellek kuadro argi bat marrazten digu 1937-1945 aldirako, alegia, karlistak bi multzo argitan banatuta: batetik Esteban Bilbao edo Rodeznoko kondea bezalako buruzagi traidoreak, frankismoarekin guztiz bat egin zutenak; bestetik, karlisten masa sozial handia, mesfidatia eta haserre, Fal Conde edo Baleztenatarrak bezalako buruzagiei segitzen ziena eta Francori gorroto ziona. Baina dudarik gabe sinplistegia litzateke banaketa hori Francoren heriotzaren ondoren sortzen den berrantolatze politikoari zuzenean aplikatzea. Aldi luzeegia da, gertakari asko, esplikazio bakun bat erdiesteko bi lerroetan. Besteak beste, Martorellek berariaz nahi izan du bere kronika 1945ean bukatzea; azken kapituluan (410-425. or.) ondorengo urteei buruzko aipamen labur batzuk badira ere, ez dute oinarrizko data hori gainditzeko pretentsiorik.

Beste hausnarketa bat egitea ere ez da alferrikakoa izango: 1937-1945 abagune horretan Francorekin hain haserre zeuden karlista horiek beroriek euskal nazionalismoarekin nolabaiteko hurbiltasun batzuk izan badezakete ere (erlijio katolikoa edo euskal identitatearen defentsa foruen bidez), separatismoaren arerio gogorrak dira eta, argi eta garbi, espainoltzat dute beren burua; bestalde, berriz ere argi eta garbi, beti sostengatuko dute uztailaren 18an armaz altxatzearen legitimitatea eta ezinbestekotasuna; nolabait esanda, amorrua ematen diena da altxamendu hori Francok eta falangistek kapitalizatu izana, ez besterik.

Beraz, esan dezagun laburbilduz Manuel Martorellek karlisten kronika bat idatzi nahi izan duela, 1937-1945 bitartean eta ikuspuntu zehatz bat aldezteko. Helburu hori bikain bete du, interes handiko datuak ekarriz kontakizun atsegin batean. Ez du hortik aurrera joan nahi izan, baina elementu asko utzi du han-hemenka sakabanatuak hausnarketa ederrak eragingo diotenak irakurleari XX. mendeko karlisten historiaren gainean, alegia, gure herriaren osagai guztiz garrantzitsu baten gainean, misterioski historialarien arreta guztiz txikia erakarri duena beste batzuen aldean.

Bukatzeko, bi kontu deitoratzea baino ez zait gelditzen: batetik, liburuak aurkibide onomastikorik ez izatea eta, bestetik, euskaltzaleentzat hain garrantzi handia duen Antonio Arrueren bizitzari buruzko datu gehiago ez ematea. Biak konpon daitezkeen akatsak.

Pruden Gartzia (euskaltzaindia.net)

2 comentarios:

BIBLIOTEKA dijo...
Este comentario ha sido eliminado por el autor.
Jokin dijo...

Irakurri nahi duenarentzat hemen duzue:

http://www.liburutegiak.euskadi.net/cgi-bin_q81a/abnetclop?ACC=DOSEARCH&xsqf99=(656913).TITN.