domingo, 7 de agosto de 2011

GAZTETXEZ GAZTETXE BIZIKLETAZ

Jendeak argi izan behar du gaztetxe bat ez dela gazteak biltzeko eta ondo pasatzeko gune soil bat. Gure hiri edo herriek dituzten arazoekin dugun konpromiso sozial eta politikoa erabatekoa da». Gasteizko gaztetxeko Irati Barriocanalen hitzak dira. Bertan egingo du geldialdietako bat, hain zuzen, atzo Arrasatetik (Gipuzkoa) abiatu zen Euskal Herriko bira gaztetxez gaztetxe bizikleta martxak. Gaztetxeek aldarrikatzen duten autokudeaketan oinarritutako eredua sendotu, eta urte hauetan egin duten ekarpen soziala eta kulturala defendatu dute martxan parte hartzen ari diren gaztetxeetako kideek. Herritarren artean «erabat finkatuta» ikusten dute mugimendua, baina udalekin harremana «gorabeheratsua» da. «Kasu gehienetan ez dute gustuko defendatzen dugun gizarte eredua».

Alde Zaharrean dago Gasteizko gaztetxea. Hala, Arabako hiriburuko inguru horretako errealitateari eta arazoei estuki dago lotuta hango gaztetxearen jarduna. Gaur egun, oso kezkatuta daude udalak Alde Zaharra biziberritzeko dituen asmoekin. «Auzotarrei baino gehiago, turistei begira ari dira egiten berrikuntzak. Merkatariei eman beharreko diru laguntzen politikak ere kezkaz ikusten ditugu. Izan ere, batez ere denda eta taberna edo jatetxe handiek jasotzen dituzte», dio Barriocanalek. Baina gaztetxea izanik, gazteen arazoekiko kezka ere «egunerokoa» da. Hala, Hazi, Hezi, Bizi plataformako kide dira, zeina Alde Zaharreko Eskoriatza Eskibel eta Ramon Bajo ikastetxeek dituzten arazoak aztertzen dituen. «Harreman zuzena dugu ikastetxe horietako guraso elkarteekin. Horrek erakusten du auzotarrek asko estimatzen dutela gure lana».

Altsasuko gaztetxeko (Nafarroa) kide Iker Zabalok «ezinbestekoa» ikusten du gaztetxeen konpromiso sozial hori. «Gure kasuan, kanpainak egin ditugu eskualdean eraiki asmo duten errauste plantaren eta gazteek etxea lortzeko duten arazoen aurka». Horrekin batera, argi du gazteen harremanei onura handia egin dietela gaztetxeek. «Adin guztietako gazteak biltzen gara gaztetxeetan. Hala, elkarren arteko lotura bat sortzen da. Taberna batean hori ez litzateke hain erraza izango».

Beren ideiak, ekimenak eta kezkak azaltzeko guneak topatu dituzte gaztetxeetan herritarrek, Andoaingo gaztetxeko (Gipuzkoa) Koldo Otamendiren irudiko. «Andoainen, adibidez, gaztetxean rokodromoa jarri genuen. Izan ere, gazte batzuek udalera jo zuten hori eskatzera, eta ukatu egin zieten. AHTaren aurkako taldeak ere gurean du egoitza. Bastero Kulturunea, berriz, ez da gazte askorentzako erreferentzia musika alorrean, eta han lekua izan ez duten talde eta bakarlariak ekarri ditugu gaztetxera».

Herriko etxearen «utzikeria» dela eta, gazteentzako astialdi eskaintza «erakargarria» osatu du Donibane-Ziburuko gaztetxeak (Lapurdi): «Hemengo herriko etxeek ez dute fitxik egiten gazteentzat, eta gu gara haientzat bestelako eskaintza bat antolatzen dugunak», azaldu du gaztetxeko kide Odei Barrosok. Gainera, nabarmendu du ideien aniztasunaren eredu direla gaztetxeak. «Eztabaida eta hausnarketarako lekua ere badira».

Auzotarrentzako «askatasun gune» izan da urteetan Bilboko Errekalde auzoko Kukutza gaztetxea. Botatzeko arriskuan egonik, auzotarren babes osoa jaso du. «Auzoak arazoak izan dituenean, beti erakutsi dugu gai garela herritarrekin gizarte sare bat osatzeko, eta autokudeaketa oinarri duen eredutik abiatuta konponbideak eskaintzeko. Orain gu gara haien laguntza jasotzen ari garenak», dio Aritz Gardokik, Kukutzako kideak.

Bost kasuetan udalekin izan duten harremana gorabeheratsua izan da. Dena den,beren kabuz ondo moldatzen direla diote. «Nahiz eta babesa beti eskertzen den, geure kabuz ondo moldatzen gara. Eskatzen duguna da gure jarduteko ereduak aurrera jarraitzea, eta errespeta dezatela», nabarmendu Barriocanalek.
Hain zuzen ere, Zabaloren iritziz udalei ez zaie gustatzen gaztetxeek defendatzen duten eredua. «Proposatzen ditugun eredu sozial, kultural eta ekonomikoek ez dute zerikusirik haiek defendatzen dituztenekin. Gure egitasmoak autokudeaketan eta elkartasunean oinarritzen dira».

Udalek defendatzen duten ereduaren adibide gisa Iñaki Azkunak Bilbon egindakoa jarri du Gardokik. «Zorrik gabe dago hiria, hori egia da. Baina eraikitzaileen esku utzi du. Orain, etxebizitzak eraikitzeagatik gaztetxea bota nahi du». Dena den, borroka horretan garaile irtengo direla uste du. «Jaso dugun babesarekin ezin du bestela izan. Ikusi beharko dugu uda ostean zer gertatzen den. Baina oraingoz udalak ez du bere hitza bete, prozesuaren inguruko informazio osoa emango zigula esan baitzuen».

Otamendik argi du udalek zer portaera izan beharko lukeen gaztetxeekin. «Egin dezaketen ekarpen nagusia antolatzen ditugun ekimenak ez oztopatzea da, eta, ahal bada, babestea». Ados dago horrekin Barroso. Udalak utzitako erakin batean dute gaztetxea, eta hori hala izatea «traba handia» da. «Azken batean, haien erabakien menpe gaude beti. Iaz esan ziguten aurtengo azaroan hustu egingo zutela eta beste eraikin batera bidaliko gintuztela. Baina guk ez dugu nahi. Gaztetxeak betiko lekuan jarraitu behar du».

Guztiak bat datoz gaztetxeen arteko harremana txikia dela, baina elkartasuna handia. «Nahiz eta bakoitzak gure dinamikak landu, gaztetxe batek arazoren bat duenean beti du gainerakoen laguntza. Horretarako urte osoan landu eta zaindu behar da gutxieneko harreman bat. Hori lortzeko oso egokia iruditzen zaizkigu bizikleta martxa gisako ekimenak», dio Barriocanalek. Gaztetxe txikientzat «funtsezkoa» da elkarlana hori, Barrosoren arabera. Hala, martxa, beraien egoera azaltzeko baliatuko dute, eta Kukutzaren kasuan bezala, babesa lortu. «Hemen hori lortzea zailagoa da. Turista asko dagoen lekua izanik, kosta egiten da haiengana iristea. Zaila da baita ere, nolabait pentsamolde frantsesa duten herritarrengana heltzea. Haientzat gaztetxea ez da existitzen».

Gaztetxeen mugimendua finkatuta ikusten du Otamendik. «Udal gehienek onartzen dute herrian gaztetxe bat egotea. Herri bat, gaztetxe bat leloa oso sustraituta dago belaunaldiz belaunaldi, eta hori ona da». Finkatuta egon arren, Barrosok gogorarazi du Iparraldean gaztetxe bakar bat ere ez dagoela nahi duen moduan funtzionatzen. «Hori da gure kezka». Hegoaldean mugimendua indartsuago dagoela iritzi dio. «Gazteak inplikatuago daude

Ainara Arratibel (Berrian)



No hay comentarios: