viernes, 13 de julio de 2012

AUTOKRITIKA ASKATZAILEA

Miguel Angel Blanco Garrido, ekonomian lizentziatutako 29 urteko ermuar gaztea zen 1997an. Ikasketak amaitu ondoren aitarekin igeltsero lanetan ibili bazen ere, gero bilatu zuen berak ikasitakoari gehiago zegokion enplegua: Eibarko Eman Consulting enpresan egiten zuen lan. Lanaz gainera, musika zuen gogoko, bateria jotzen zuen herriko talde batean. Hori gutxi ez eta bi urte lehenago, bere lagun min batek animatuta, alderdi popularrean afiliatu zen; hirugarren joan zen Ermuko zerrendetan, eta zinegotzi aukeratu zuten. Ezaugarri horiekin, Miguel Angel, mutil aktibo eta konprometitua zela esan genezake, bere adineko beste hainbat bezala. Egunero hartzen zuen trena lanera joateko, ETA bere bidean gurutzatu, eta bahitu zuen arte. Handik bi egunera, mehatxua bete zuen ETAk: bi tiro eman zizkion bizkarretik, herri mailako politikan parte hartzea beste «bekaturik» ez zuen gaztea zerraldo utziz.

Lehenengo aldia zen ETAk modu horretan jokatzen zuena, 48 orduko heriotza xantaia ezarriz, beste lehenengo aldi asko egon diren bezala. Jokabidearen krudeltasunak inoiz baino erantzun sozial handiagoa eragin zuen; euskal gizartea lehertu egin zen. «Hau behintzat jasangaitza egingo zaie», pentsatu genuen hainbatek. Izandako erantzunaren tamaina ikusiz, «oraingoan bai, oraingoan zerbait esango dute», esan genion geure buruari, gure herrikideen alde gizatiarra hain hotza izan zitekeenik ezin sinetsirik. Baina orduan ere ez. Besteetan bezala, askoren erantzuna isiltasuna izan zen; egoera kalifikatzeko hitzik bilatzen ez dutenen erantzuna; gaizki egina dagoela jakinik ere, beren buruari ezarritako auto-zentsurak hala agintzen zielako.

Isiltasuna eta ihesa ikusi ditugu Amaiurren ezker abertzale tradizionaleko ordezkariaren ahoan, hamabost urte beranduago, hilketa hori baloratzeko eskatu zaionean —garai berrietan beste zerbait espero genezakeen arren—. Hamabost urte beranduago ez dute hitzik aurkitu, antza, gertaera hura kalifikatzeko. Oraindik ere, iraganaren preso: «Lehen salatu ez bagenuen, orain ere ez dugu egingo» dirudi dela euren premisa. Edo beste modu batean esanda, «hemendik aurrerako jokabide ez demokratikoak salatuko ditugu; ez ordea, iragan hurbilekoak».

Beraz, arazoa sakonekoa da, eztabaida semantiko batetik askoz haratago doana: iragan hurbileko jokabideen zergatiak azaltzeko ezintasuna da arazoa. Estrategia goitik behera aldatu duten honetan, ez diote begiratu nahi orain arte egin dutenari, ez zaie gustatzen ispiluak itzultzen dien irudia. Garai berriak bezala kalifikatu duten aldaketa une honetan, aldatu den bakarra euren estrategia izan da: estrategia politiko-militarra praktikatu eta defenditzetik estrategia politikora aldatzea —Arnaldo Otegi berak horrela deskribatu zuen Bateraguneko epaiketan—. Baina, kuestioa da iraganbide hori egin nahi dutela orain arteko estrategiaren balantze edo baloraziorik egin gabe. Ez balantze etikorik, ez eta balantze politikorik ere.

Baina alda daiteke estrategiaz aurrekoak eman duena aztertu, eta zintzotasunez kalifikatu eta baloratu gabe?

Non dago balantze etikoa? Batasunak —Sortuk orain— ordezkatzen duen ezker abertzaleak objektiboa den errealitatea errekonozitu du, errealitatearen deskripzio bat egitera iritsi da, hots, biktimak izan badirela eta eskubide batzuen jabe direla onartu. Ez dituzte, ordea, baloratu biktima horiek eragin zituzten ekintzak, ez eta eurek ekintza horien aurrean izandako jarrera eta ardura. Hortik hitz faltak, gertaera horien balorazioak eskatzen zaizkienean. Hortik, baita ere, galderarik onartzen ez duten hainbeste prentsaurreko.

Bestetik, balantze politikoa falta da. Indarkeria bukatutzat eman dute, baina ez diote erantzun edozein estrategia aldaketatan oinarrizkoa den galderari: zer eman du estrategia horrek? Zertarako balio izan du horrenbeste urtean hainbeste min eragin duen indarkeria mantentzeak? Zergatik aldatu dute estrategia, beharrak eraginda, ez duelako ezertarako balio izan, edo etikoki ez delako zilegi? Hainbeste urtean borroka armatua «beharrezko», «ezinbesteko» tresna zela defenditu ondoren, erantzun bat zor diote herri honi, ez alderdien legeari, baizik eta euskal herritarrei.

Bada garaia onartzeko indarkeria hainbeste urtean mantentzea hutsegite humano, estrategiko eta politikoa izan dela. Indarkeriaren eraginkortasunik eta zilegitasunik eza onartuta bakarrik bermatuko delako gehiago ez gertatzea. Horrela bakarrik izango delako sinesgarria euren aldaketa. Eta horrela bakarrik berreskuratuko dutelako galdutako konfiantza, bizikidetza berregiten hasteko ezinbestekoa den konfiantza.

Madrilen Amaiurreko prentsaurreko horretan azpimarratzekoa den beste gertaera bat izan da. EAko ordezkariak, «kontzeptuen gerra» batean ez sartzeko asmoa adierazten zuen aldi berean, gogora ekarri zuen iraganean hainbatetan gaitzetsi zuela gertaera hura. Beraz, berak bai erabili zuen gaitzespen hitza, baina… iraganari lotuta. Orduan, zer gertatzen da? Iraganean egiten zuena ezin duela egin orain Amaiurreko kide delako? EAk eta Aralarrek iraganean indarkeria ekintza guztiak argi gaitzetsi dituzte; zergatik ez orduan orain gauza bera egin eta bere koaliziokideak bide horretatik eraman? Madrilen ikusi genuena kontrako norabideko bidaia izan zen, kezkagarria benetan.

Badira azterketa honekin ados egon arren jarrera horiek justifikatzeko «zailtasunak» aipatzen dituztenak. Inork ez dio erraza denik, baina hori ez da argumentu nahikoa ez mugitzeko, iraganera begiratu gabe aurrera egin nahi izateko, gertaerak kalifikatu eta baloratzeko hitzak ez bilatzeko. Gure herrian elkarbizitza garai berri bati ekin nahi badiogu, sekula, inoiz gehiago horrelakorik gerta ez dadin bermatzea nahi badugu, bidea ez da iragana ezabatzea. Bidea atzera begiratu eta gertatu diren giza eskubideen zapalketei beren izenez deitzen hastea da, norberak izan duen ardura onartu eta autokritika egiten hasteko. Besteek zer egingo duten zain egon gabe. Autokritika da bide askatzaile bakarra, aldatu ezin den iraganaren zama arintzen duen bide bakarra. Ez dago isiltasunetik eraiki daitekeen bidezidorrik.
Aintzane Ezenarro, Berrian

No hay comentarios: