lunes, 19 de noviembre de 2012

NORTZUK DIRA BI GAZTE AMESLARI HAUEK?


Bi gazteen lehenbiziko kontzertua da, 1971 urtean, Gasteizen. Bi gitarrajoleek 21 urte zituzten. Donostiako Deustuko unibertsitatean egin ziren lagun, bi urte lehenago. Bietako batek musikaren ibilbideari eutsi zion, besteak urtebetera mugaz bestalde egin behar izan zuen ihes.
Jesarrita agertzen dena Eduardo Moreno Bergareche ‘Pertur’ da. Ondoan zutik duena Gorka Knörr. Bien lehenbiziko kontzertuaren argazkia da, Joseba Knörr anaiak ateratakoa, Gasteizko Manuel Iradier Excursionista sozietatearen lokaletan.
1968ko udazkenean ezagutu ziren bi gazteak, Donostiako Deustuko unibertsitate giroan. Knörr-ek Morenoren trebezia miresten zuen: Euskadiko blues musikari onena”. Musikari bikotea ez zen luzaroan elkarrekin mantendu.
Gorka Knörr-ek bakarlari gisa segi zuen kantuan, Eduardo Moreno, aldiz, iparraldera joan zen, ETAko militantzian txertatzeko asmoz. Hautsi aldizkarian hasi zen ‘Pertur’ lanean,  fronte kulturalean. Knörr-ek ordurako euskara ikasia zuen eta abesti tradizionalak berreskuratzen zebilen,  Araba “Euskal Herriko gainontzeko probintzien mailan” jartzeko asmotan. Xabier Lete, Natxo de Felipe, Benito Lertxundi eta Mikel Laboa izan zituen bidelagun, baita Loiola irratiko Joxe Mari Iriondo ere grabaketa estudioetan.
Knörr-ek bere lehen diskoa kaleratu zuenerako, “Araba Kantari” 1974an, ‘Pertur’ zatiketatik sortu berri zen ETA politiko-militarraren militante esanguratsuenetakoa zen. 24 urte besterik ez zituzten.
1976an Knörr-ek “Txalaparta” diskoa kaleratu zuen. Halere musika jotzea ez zen arantzarik gabeko bidea. Gasteizen poliziak kontzertu bat etenarazi zion, Espainiako Gobernu Ministerioaren aginduz. Uztailaren 26an ‘Pertur’ betiko desagertu zen.
1978an Gorka Knörr-ek ‘Pertur’ekin batera idatzitako Txakurrak abestia kaleratu zuen, Herri bat gara” diskoan.
Iñaki Larrañaga, zuzeu.com egunkari digitalean

No hay comentarios: