viernes, 29 de marzo de 2013

EUSKAL HERRIKO IDAZLEEN XXX.BILTZARRA OSPATUKO DA APIRILAREN 1EAN SARAN


Euskal letren topagune bilakatuko da Sarako polikiroldegia, apirilaren 1ean. 130 idazle, 28 elkarte eta argitaletxe eta bi aldizkarik beren lanak ikusgai jarriko dituzte Idazleen Biltzarraren 30. edizioan. Goizeko 10:00etatik arratsaldeko 18:00ak arte egonen da zabalik eta helduek sarrera bi euro ordaindu beharko dute.
Goizeko 10:00etan irekiko ditu ateak, eta hasieran idazleak liburuak saldu eta sinatuko dituzte. 10:15etan Eusko Ikaskuntzaren bekak banatuko dira. 10:45ean Euskaltzaindiako liburuen aurkezpena burutuko da eta ondoren, 11:15etan Bernardo Atxagaren mintzaldia izango da, Lucien Etchezaharretak lagunduta. Aurtengoan, Jean Haritschelhar Euskaltzainburu ohia omenduko dute eta amaitzeko, 15:00etan hainbat liburu aurkeztuko dituzte: Philippe Régnierren ‘Eresoinka de Sara à Paris’, Eric Dicharryren ‘Du rite au rire. Le discours des mascarades souletines’ eta ‘Le rire des Basques’ (L'Harmattan eta Barandiaran fundazioaren laguntzarekin). Liburu eta disko eskaintza zabalaz gain, egun osoan zehar ‘Usoak Sarean’ erakusketa izango da ikusgai.
Berrikuntza ugari jarriko dituzte mahai gainean: Daniel Landarten Enbataren zirimolan (Elkar), Janbattitt Dirassarren Bele xuriak (Elkar) eta Mattin Etxamendiren Urruneko Mendebalean artzain (Maiatz) liburuak esaterako. Euskaltzaindiak ere hainbat liburu aurkeztuko ditu: Jean-Louis Davantek idatzitako Antoine d'Abbadie, Abbadiaz, Henri Duhauk prestatutako Gratien Adema 'Zaldubi': Gaineratekoen bilduma eta Txomin Peillenen Jon Mirande, olerkaria.
Beste ekitaldiak
Idazleen Biltzarraz gain beste ekitaldiak ere antolatu dituzte Saran bazko asteburuan. Martxoaren 28tik apirilaren 1era Olhain ikastolak Herri Urra­tseko arropak salduko ditu plazan, goizeko 10etatik arratsaldeko 6ak arte. Martxoaren 30etik apirilaren 1era Lur Berri gelan Eskuen lana elkarteak erakusketa antolatu du. Ateak goizeko 10etatik arratsaldeko 9ak arte irekiak izanen dira. Martxoaren 31etik apirilaren 1a arte, La­rrungo koloreak margo erakusketa bat egiten du Denen etxean. Martxoaren 31n, igande goizean 9etatik eguerdi arte, Sarako Urtxin­txek pastizak eta xokolateak salduko dituzte plazan. Gauean, Sarako ondareak antolaturik, Atsulai eta Kantauri abesbatzek kantaldi bat emanen dute elizan, sartzea 8 eurotan.

No hay comentarios: