viernes, 19 de julio de 2013

DOAKO LAGUNDUTAKO UGALKETA BIKOTE HETEROSEXUALENTZAT SOILIK

Lesbianek eta bikoterik gabeko emakumeek ezin izango dute osasungintza publikoak eskaintzen duen lagundutako ugalketa baliatu. Hori izango da Espainiako Osasun Ministerioak zerbitzuak doitzeko osatzen ari den arau multzoaren ondorioa. Autonomia erkidegoei bidali dieten gutunean zehazten denez, ugalkortasun arazoak dituzten “gizon eta emakume banak osatutako bikoteei” soilik eskainiko zaie zerbitzua.
Egun indarrean den legearen arabera antzutasun kasuetan bakarrik eskaintzen da lagundutako ugalketa. Haatik, hainbat autonomia erkidegotan, EAEn kasu, bikote lesbiana edota bikoterik gabeko emakumeei ere zabaltzen zaie aukera, haurdun geratu ezin daitezkeela argudiatuta.
Beste muga batzuk ere ezarriko ditu ministerioak: Bikotea osatzen duen emakumeak 40 urte baino gutxiago izan beharko ditu, eta gizonak 50 baino gutxiago. Horrez gain, bikoteak 12 hilabetez antisorgailurik gabeko sexu harremanak izan beharko ditu antzutasuna frogatzeko. Seme-alabak dituzten bikoteek ere ezingo dute zerbitzua jaso.
Autonomia Erkidegoek Madrilek zehaztutako arauak bete ez eta zerbitzua zabaltzeko aukera izango dute, baina soilik aurrekontuetan horretarako tartea dutela frogatzen badute. Albisteak hautsak harrotu ditu, eta sare sozialetan neurri diskriminatzailea dela salatu dute.
Lander Arretxea, ARGIAn

No hay comentarios: