martes, 31 de diciembre de 2013

ATERA DITZAGUN PANKARTA ZAHARRAK GANBARAKO TXOKOTIK

Ez gara gutxi gizartearen berezko bideak aurrera egiten duela pentsatzen dugunok. Sinetsi nahi dugunok, hainbat kontutan atzera egiten dugula jakin arren. Are gehiago, jakin badakigu atzerabidea askotan samurragoa dela aurrerakoa baino.
Horixe ari zaigu gertatzen egunontan abortuarekin, gobernuak atzera egin nahi duela, guztiz, eta hamarkadetan lortutako eskubideak ukatu nahi dituela. Legeak bere horretan jarraitzen badu, laster abortua aukeratzen duen emakumeak atzerrira joan beharko du, bere amak duela hogeita hamar urte egin behar izan zuen bezla.
Honek guztiak gaztaroa dakarkit gogora, abortuaren aldeko manifestaldi haiek, hain bidezkoa iruditzen zitzaigun neurriaren aldeko ekimenak, manifestuak, sinadurak.
Halako batetan abortuaren aldeko manifestu bat sinatu nuen, nik ere abortatu egin dut izenpean. Sinatu nuen, heldu zen agiria hedabideetara eta egunkari honetako langileren batek erabaki zuen horren berri ematerakoan premiazkoa zela manifestuaren aldeko izen batzuk nabarmentzea, azpitituluan, haien artean nirea.
Ez zait ahaztu amak hartu zuen atsekabea, sinatutakoa aldarrikapen bat zela, ez aitorpen bat, esplikatu banion ere. Pasa dira geroztik hogeita hamar urte eta gaur, berriro ere, gogoz kontrako haurdunaldi bat duten emakumeak antzeko atakan daude.
Gogoan ditut, era berean, sasoi hartako eztabaida publikoak, batez ere sarritan aurkari suertatu zitzaidan emakumea. Ez dut izena gogoratzen baina, gogoratuko banu ere, ez nuke plazaratuko. Gauza da horietako eztabaidetan sarritan izan nuela emakume hura aurkari.
Bada laurogeiko hamarkadaren hasieran Londresera joan nintzen, bertan abortatzen zuten emakumeei buruzko erreportaje bat egitera. Bisitatu nuen klinika bat, bigarrena, eta hirugarrenean, itxaron gelan emakume hura zegoen. Ez ninduen ikusi eta ni bazter batetan gelditu nintzen, zelatan. Halako batetan haren ondoan zegoen gazteak emakumeari ama deitu zion arte.
Atera nitnzen bazterretik, jarri nintzen emakumearen aurrean eta segundo gutxiren buruan egin nuen alde, hitzik egin gabe. Emakumeak abortuaren kontrako jarrera zuen, benetakoa seguruenik, baina alabarekin salbuespen bat egiteko prest zegoen.
Konforme, atera ditzagun pankartak ganbararen txokotik, har ditzagun berriz ere kaleak, are aspaldik haurdun gelditzeko arriskutan ez gaudenok, hainbeste emakumeen eskubideen defentsan.
Arantxa Urretabizkaia, Diario Vascon

No hay comentarios: