sábado, 6 de diciembre de 2014

ZATIKETA BAINO, SALDU ALDAKETA

Jose Javier Esparza da azkenean UPNko hautagaia, aurreikusi moduan, baina aurreikusi baino samurrago. UPNko Kontseilu Politikoan (232 lagun) botoa emandako 208 kidetik 128k (%61) Esparzaren alde egin zuten eta 79k (%39k) Alberto Catalanen alde. Zartakoa handia izan da Miguel Sanz eta Catalanek gidatzen duten sektore kritikoarentzat. Bazekiten Kontseilu Politikoan gaitza zela eta horregatik eskatu dituzte primarioak etengabe, militanteen artean Yolanda Barcinaren desgastea handiagoa izango zelakoan. Baina Barcinak ere bazekien hori eta ez du arriskurik hartu nahi izan. Nahiko korapilo sortu du bere kudeaketan, orain azken unean berriz hanka sartzeko. Alderdia kontrolpean du oraindik eta berriz atera da garaile.

2013ko martxoan izan zen Barcina-Catalan lehia UPNren kongresuan eta orduan nafar gobernuko lehendakaria estu ibili zen: 871 boto bere alde (%51,78) eta Catalanek 795 (%47). Alderdia zatitua utzi zuen lehiak eta Barcinaren ondorengo gurutz-bideak ez du batere lagundu zauriak sendatzen. Kontrakoa, Barcina ahulduta ikusirik eta datozen hauteskundeetan  gobernua kolokan, Sanzen taldeak lema hartzeko saioa errepikatu du. Emaitza porrota izan da eta saioak Catalan kiskali du jada.

Zein ote zen hautagai hobea oposizioarentzat? Berdintsu seguruenik, baina akaso botoemaileei begira Catalanek distantzia gehiago zuen Barcinarengandik eta Esparza lotuagoa ageri da harekiko, besteak beste bere sailburua delako. Edozein modutan, UPNri bozka eman bai baina amorratua ez den herritarraren aurrean, itxura eskasa ematen jarraitzen du alderdi eskuindarrak. Navarrometroaren emaitza guztiz zalantzagarria zen alderdiekiko boto asmoari begira, baina guztiz argi arbuiatzen zituen Nafarroako Gobernua eta Barcinaren kudeaketa.

Hauteskundeei begira, UPNk badu orain hautagaia eta sei hilabete eskas Esparzari dagokion liftinga egiteko. Gaitz izango du: lehenbizi berak oso emaitza onak izan behar dituelako eta Navarrometroak UPNko boto poltsa handia isildu badu ere, hor bada UPNren egoeraren termometro bat; bigarrenik, PSNren emaitza ona behar du eta hori ere gaitza; hirugarrenik, oraingoz behintzat, PSNk iragarria du beretzat Barcina edo Esparza gauza bera direla. Baina PSNren sinesgarritasuna non den ere ezaguna da eta zalantza gutxi da zenbakiek aukera emango balie, berriz UPN sostengatuko luketela.

Egiazko oposizioa da orain nahasi ageri dena, batez ere Podemosek dakarren beldurragatik eta honek ez duelako batere argi utzi nola jokatuko lukeen eta non erabakiko litzatekeen balizko gobernu batean egotearena edo ez. Oraindik foru hauteskundeetara aurkeztuko den ere ez dago argi, egia esan, nahiz eta dituzten aurreikuspenekin, ez aurkeztea ez litzatekeen ez koherentea ezta arduratsua ere. Teorian bederen, Podemosentzat balizko gobernu eraketarako arazorik handiena EH Bildu litzateke, horrek Espainiako hauteskunde orokorretan lekarkeen boto galeragatik. Oposizioko batzuentzat hauek PSN edo PP bezain espainiarrak dira, zentralista hutsak. Beste batzuek beren ezkertiartasuna jartzen dute zalantzan edota demagogotzat jotzen dituzte. Podemos saltsa-maltsa handia da oraindik jakiteko zehatz-mehatz zer den eta zer izango den, baina zalantzarik ez dago gauza batean, haserrearen alderdia da, gizartearen zati bat esnarazi dute –beste alderdiek lortzen ez zutena– eta aldaketak ekarriko dituzte.

Alderdiek oso beren barrutik aztertzen dute gizartea, honen martxara egokitzeko saioa eginez baino, berau moldatzeko etengabeko ahalegina lehenetsiz. Oro har, politikariek gutxi galdetzen dute zintzoki euren jardunaz, erantzutera daude ohituak, zalantzarik gabe gidari sentitzen denaren segurtasunaz luzatzen dute pausua, mundua etengabe haien jira-biran bailitzan. Horrek perspektiba galarazten die.

Horregatik, aldaketa une honetan, Nafarroako egiazko oposizioak zerbait argi utzi beharko balu, horixe da, aldaketa izango dela haien lehen-lehen asmoa eta eginahalak egingo dituztela hori gauzatzeko. Boto lehian izango dira Podemos, EH Bildu, Geroa Bai eta Ezkerra, baina formulak formula, aldaketarako aukera horien artean dago Nafarroan. Hori da gizarteari argi utzi behar diotena edozeren gainetik, aldaketa izango dela. Mezu hori da oraindik guztiz argi luzatzen ez dutena.

Xabier Letona, ARGIAn

No hay comentarios: