viernes, 6 de marzo de 2015

IRAILERAKO EZ DUTE HEDATUKO D EREDUA NAFARROAKO HEZKUNTZA PUBLIKO OSOAN

Euskaraz ikasteko modurik ez da izango datorren ikasturtean Nafarroako eremu ez-euskalduneko eskola publikoetan. Pausorik ez du eman gobernuak. D eredua eskola gehiagotara eramateko astirik ez dagoela diote Hezkuntza Departamentuko iturriek. «Teknikoki ez du denborarik ematen dekretua egiteko». Gobernuaren jakinarazpen ofizialik ez dute jaso eremu ez-euskalduneko ikastetxe publikoetan, baina jakin dute irailean ezingo dutela D eredurik eman: ikasleek aurrematrikulazioa eredu horretan egiten ez diete utzi. Eskariak izan dira, halere.

Otsailaren 19an euskararen legea aldatzea erabaki zuen Nafarroako Parlamentuak; eskola publiko guztietan euskaraz ikasteko eskubidea bermatu zuen horrela. Eremu ez-euskaldunean sortuko du aldaketa horrek; orain ikastolek soilik ematen dute euskarazko irakaskuntza, baina, legearen arabera, publikoetan ere eman beharko dute horretarako aukera.

Legea aldatua dago, baina ez da aplikatzen ari oraingoz. Izan ere, azken orduan PSNk egindako zuzenketa batengatik, gobernuaren gain geratu zen erabakitzea zein «irizpide objektibo» hartu kontuan D ereduko gelak zabaltzeko. Gaia zertan ote den, galdera egin du BERRIAk Hezkuntza Departamentuan, eta erantzun laburra jaso du: dekreturik ez dute egingo datorren ikasturtea hasi aurretik.

Aplikazioetan D eredurik ez
Eremu ez-euskalduneko ikastetxe publikoetan ez dute informaziorik jaso gobernutik, baina konturatuta daude aldaketarik ez dagoela. Datorren ikasturterako zerrendan, ez da D eredua ageri eremu ez-euskalduneko eskoletan. «Aurrematrikulazioan, aplikazio informatikoak uzten duen eremuak soilik marka daitezke; gurean, A eta G ereduetan eta PAI programan», adierazi du Tafallako Marques de la Real Defensa eskolako zuzendari Javier Ibañezek.

Eskariak jaso dituzte ikastetxe publiko batzuetan. Tafallan, adibidez. «Ate irekien egunean lau familiak eskatu zuten D ereduan izena ematea. Baina badakigu askoz gehiago direla. Kopuru handia da, eta ez orain: lehen ere bazen eskaria». Villatuertako eskolan, 11 umek eskatu dute euskarazko irakaskuntza. Beste herri batzuetan ere mugimenduak izan direla jakinarazi du Sortzen elkarteko eledun Gari Torregrosak. Kopurutan, hala ere, ez dira asko, informaziorik ez baitago; legea onartu zuten, baina zer gertatuko den ez du adierazi gobernuak ofizialki. Ez ikastetxeei, ez gurasoei.

Egoera «penagarria» dela salatu du Tafallako eskolako zuzendariak. «Min egiten ari zaigu, ezin baititugu eskari guztiak jaso. Familiek hautatzeko askatasuna behar dute». Eremu ez-euskalduneko sare publikoan, gehienez ikasgai soila da euskara —A ereduan—.

Eremu mistoan, legez, badute D eredua eskola publikoetan. Oztopoak jartzen ari da gobernua, ordea. Azkena, Abartzuzan. Hamar umek D eredua eskatu dute, eta ezetz erantzun diete, ikasle gutxi direla. Mari Carmen Domblas eskolako zuzendariak azaldu du gutxienez hamabost ume elkartzea eskatu diela departamentuak. «Badakite ezin dela kopuru horretara iritsi. Herri txikia da, eta ez dago horrenbeste matrikula». Eskaria egin dutenetatik, sei dira berriak; gainerako laurek A eredutik D eredura pasatzeko eskatu dute. Euskaraz ikasteko, Lizarrara joan behar dute ikasleek.

1988ko foru agindua
Departamentuak zer sustatzen duen, alderaketa egin du Domblasek: «Inguruan ingelesezko PAI programa ezartzen ari dira 11 umerekin, klaustroarekin adostu ere egin gabe. D ereduan ezin da».

Abartzuzako kasua aintzat hartzekoa da eremu ez-euskaldunean zer gerta daitekeen jakiteko. 1988ko foru agindu bat hartu du argudiotzat gobernuak. Eremu mistoan D eredua ezartzeko gutxieneko ikasle kopurua zehazten du arauak: landa eremuan, hamabost; herrigunean, hogei. Dekretuak ez du zehazten, baina, oro har, 2.500 biztanletan dago muga: hortik behera, landa eremu; gora, herrigune. Herri txikietako gutxienekoa lekuz kanpo dagoela ohartarazi du Domblasek.

Ikusita zer jarrera duen UPNren gobernuak, D eredua zabaltzeko bidea «oso zaila» izango dela nabarmendu du Sortzen-eko ordezkariak. «Aldaketa beharrezkoa da alor honetan ere». Euskaraz ikasteko eskaria zenbatekoa den aztertzeko asmoa du elkarteak: «Irailetik aurrera herrietara joango gara. Benetako eskaria zein den erakutsi nahi dugu».

Garikoitz Goikoetxea, BERRIAn

No hay comentarios: