lunes, 14 de agosto de 2017

MATXISMO MUSIKATUTA

Gobernatzen gaituzten erakunde politikoen artean gutxienez bi eratakoak daude: erabakitzen dutena derrigor betetzera behartzen gaituztenak eta ahalmen betearazlerik ez dutenak. Azken horietakoak dira, adibidez, Arartekoa eta Emakunde.

Biak ala biak aholkuak ematen dituzte, gomendioak. Esan diezaiokete udal bati zer egin behar lukeen egoera batean eta udal horrek erabaki ez duela gomendioa beteko. Seguruenik, Arartekoaren edo Emakunderen gomendioa bete nahi ez duen udalari gutxienez pitin bat gorrituko zaizkio masailak, baina hori izango da guztia. Horren eredu ugari dugu herrialde honetan bertan.

Bada egunotan Emakundek emandako gomendio bat guztiz zabaldu da Espainia osoan. Erakundearen izena ezagutzen ez zutenek ere eman dute azken orduetan beraien iritzia. Emakundek hainbat kanturen hitzen matxismo larria salatu du eta udako festetan kanta matxisten ordez entzun daitezkeen beste kanta batzuk aholkatu, zaharrak eta berriak.
Emakundek ezin du ezer debekatu, legeak ez dio ahalmen hori ematen. Emakunde beti azaldu da, urteak joan, urteak etorri, Alarde parekideen alde, baina Bidasoaldeko udalek ez diote sekula santan kasurik egin. Emakundek uste du erakunde publikoek antolatzen dituzten jaietan ez litzatekeela diskurtso matxista zabaldu behar, baina erakunde bakoitzak nahi duena egingo du, nahi duen abeslari edo musika taldea kontratatuko du.
Emakunderen ustetan matxismorik gordinena isurtzen duten kantak entzun gabe ere egin daiteke festa eta gomendio horrek adierazpen askatasunaren balizko defendatzaile ugari sortu du han eta hemen. Noski, onartezinak lirateke beltzen kontrako kanta arrazistak, baina gauza jakina da emakumeon kontuak bigarren mailakoak direla. Ezin duzu pederasta baten gorazarrea egin kantuz, baina matxismo musikatua jasangarria da, gure ahoa eta belarriak aspalditik horretara ohituak daudelako.
Aitortu behar zaio Emakunderi gutxienez helburu bat lortu duela: matxismoarekiko tolerantzia besterik ez zegoen lekuan entzumena zorroztu digu, eztabaida sortu du. Eta frogatu du oraindik ere sekulako tolerantzia dagoela gizon eta emakumeon arteko berdintasunik ezaren aurrean. Esparru honetan besteetan onartezina dena jasangarri iruditzen zaio hainbati.
Total egun bat; total, kanta bat; total, desfile bat; total, txiste txar bat; total, bazterkeria pitin bat.

Arantxa Urretabizkaia, El Diario Vasco-n

No hay comentarios: